viernes, 14 de junio de 2013

Ainhoa Conderi elkarrizketa

  Ainhoa Conde gure taldeko atleta gazteetako bat dugu. Astean zehar egun askotan ikusi daitezke taldeko hainbat gazte, entrenatzaile eta guzti, Azkoititik Azpeitirako bidea eginez. Talde itxura dotorea emateaz gain, giro bikaina izaten dute elkarren artean eta ez dira inoiz falta berriketak eta adar jotzeak. Talde horren parte garrantzitsu dira norbanako guztiak eta berauetako bat dugu Ainhoa. Hona hemen berak gure galderei emaniko erantzunak:



Zergaitik hasi zinen korrika egiten?

Olatz Gabilondo, orduan nire Gorputz-Hezkuntzako andereñoa zen eta beti esaten zidan korrika ondo ibiltzen nintzela. Berak piztu zidan korrika egiten hasteko gogoa, eta hementxe nago!

Azterketa garaian egonda berdin-berdin joaten al zara korrika egitera?

Egia esan, saiatzen naiz dena egiteko denbora ateratzen, baina askotan ezin izaten dut eta entrenamenduak alde batera utzi behar izaten ditut.

Jakin dugu dantza egitea ere asko gustatzen zaizula, korrikako entrenamenduak onuragarriak al dira koreografietarako?

JAJAJA! Egia da dantza egitea gustuko dudala baina ez diot denborarik eskaintzen, eskolako jaialdi bereziren baterako ez baldin bada. Eta beno… ez dakit onuragarriak diren edo ez, egia esan, ez dut uste zer ikusi handirik dutenik.

Zestoako herri lasterketan, oso indartsu ikusi zintugun, nola sentitu zinen zeu?

Ba, ahal izan nuen guztia eman nuen, eta aldapak direla-eta nahiko lasterketa gogorra den arren, gustura eta seguru sentitu nintzen.

Lokatza artean krossean ibiltzea edo pista gorrian korrika aritzea, zer duzu nahiago?

Ikusteko, pistako lasterketak gehiago gustatzen zaizkit, baina nik neuk, dudarik gabe lokatz artean aritzea nahiago dut.

Atletismoa bakarkako kirola dela iruditzen al zaizu?

Ez, inolaz ere ez. Batetik, zailagoa egiten zait korrika egitera bakarrik joatea eta bestetik, ziur nago entrenamenduek eskatzen duten diziplinari jarraitzeko gai ez nintzatekeela izango, taldekideei eta entrenadoreari esker izango ez balitz.

Nahiko zenuke etorkizun batean atletismoarekin lotura izatea? 

Ba, bai. Zergatik ez? Umeak entrenatzen eta kirol hau praktikatzera bultzatzen jardutea ederra izango litzateke.

Azkoitian talde giro aparta duzue taldeko kideen artean, zein da zuen sekretua?

Egia da, bai. Denok oso ondo konpontzen gara eta nire ustez sekretua, taldekideon artean dagoen konfiantza da eta konfiantza horrek sortzen du giro ona.




No hay comentarios: