Inguruan beti
behar den lagun horietakoa da gure protagonista. Besteen alde lan asko egiten
duen horietakoa. Bere hausnarketa eta konseiluak ikaragarri estimatuak izaten
dira. Lagunen laguna, beti or egoten da
laguntzeko prest. Esaldi bakoitzean beti du zerbait interesgarria esateko. Eta
hitz batzuk kendu dizkiogu azpeitiar (edo azkoitiar?) gazte honi.
Nor da Egoitz
Arruti?
Ez da erraza,
horrelako galdera sinple bati erantzutea. Agian, sinpletasunak berak egiten gaituelako
konplexu. Ez nuke nahi ere, nor naizen esatea, koherentziarik gabe bizi naizela
ohartu naizelako eta onartu dudalako. Elkarrizketa hau bera ere, nire
inkoherentziaren adibide izan daiteke. Saiatzen naiz, besterik gabe, sentitzen
dudana egiten eta hori da Egoitz Arruti.
Noiz hasi zinen
korrika egiten?Zergatik?
Korrika egiten,
nolabaiteko jarraikortasunez, 15 urte inguru nituela hasi nintzen, ume umetatik
atsegin nuen, baina beti nahiko makala izan nintzen eta honek lotsa puntu bat
ematen zidan. Gustura sentitzen nintzen korrika egitean, baina beldurra ematen
zidan, neure buruari jarritako helmugetara ez iristeak hankak gelditzen
zizkidan. Pixkanaka, lasterketa baten edo besten irteteko konfiantza hartu
nuen, nituen aurreiritziak gainditu nahirik, baina oso gaizki pasaz. Urduri
jartzen nintzen, ez nintzen gai neure burua lasaitzeko. Urteak aurrera,
konplexuak kentzen joan, esperientziak biltzen, eta neure buruari erakusten,
uste nuena baina hobeago nintzela, eta hala ez izanagatik ere, nahikoa zela
ongi sentitzea korrika egiten, erlojua ez zela dena.
Bizitzaren gora
beheretan, lasterketa baten ostean, Jose Antonio Zulaikarekin egin nuen topo,
eta asko eskertzen diodan esaldi bat esan zidan. “Zeatik ez haiz gurekin
ibiltzen antxitxike?”, lotsa, poza, baina erantzuna bai izan zen. Hortik aurrera,
Pedro Muñozi esker, korrika ikasi nuen, apur bat, ez asko. Bi pertsona horiei
esker, oso umetatik nituen amets batzuk bete ahal izan ditut, Lasarteko
Krossean ateratzea, Elgoibarkoa amaitzea, pista baten korrika azkarra sentitzea…
Zer eman dizu
atletismoak eta zer kendu?
Konfiantza neure
buruan. Neure gorputza ezagutzeko aukera. Hortik aurrera, lagunak, taldea,
bizipen ugari. Pertsona denok nahi dugu, talde baten zati izatea, talderen
babesa, eta hori eman dit batik bat.
Kendu ezer ez.
Mendia, nahi
dudana, babesa, lasaitasuna, natura. Bizitzari begiratzeko modu bat, beste
ikuspegi batetik, beste erritmo batean. Hala ere, mendiak duen gauzarik
erakargarriena, bizitzarekin duen hartu emana da, hauskor sentiarazten
zaituelako. Uste arren sarritan, betirako garela, hauskorrak garen oinarritik,
bizitza bizi beharra dago, eta hori erakusten dit mendiak.
Andeak ere
zapaldutakoa zara. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Izugarria.
Denetik izan zuen bidaia hark. Sarritan, liburuak irakurtzen ditugu, irudiak
ikusten, baina dena motz geratzen da, bertatik bertara, denak beste magnitude
bat hartzen du. Kultura ezberdinak, gizarte ezberdina, paisaia ezberdinak, eta
ikasteko asko. Txiki sentitzearen sentsazioa, eta era berean, munduari hain
goitik begiratzeak, nire barnean ordu-arte ezagutzen ez nituen sumendiak
erakutsi zizkidan.
Bidaiatzea ere
zure biziaren parte bat da, mendiren batera ez bada txirrinduan. Zerk
erakartzen zaitu horrelakoak egiterakoan?
Sarriegi uste
dugu onenak garela, gu beste inor ez dela. Kanpora ateratzean, leku berriak eta
pertsona ezberdinak ezagutzean, aberastu egiten zara. Txirrinduaz bidaiatzeak,
abantaila asko ditu, handiena, lekuak ikusteko eta ezagutzeko ematen dizun
aukera izango da. Ziurrenik, beste moduren batean, inoiz iritsiko ez zinen
lekuetara iritsi zintezke, eta dena zure hanken indarrarekin. Pertsona ugariri
entzun diet, eta arrazoia ematen diet, bizikleta inoizko asmakuntzarik onena da.
Anekdotaren bat
izango duzu ba kontatzeko?
Batzuk bai. Hemen
kontatzeko modukoak agian ez hainbeste. Jejejeje.
Aurten,
Espainiako taldekako kross txapelketara entrenatzaile modura joateko aukera
izan dut. Han ginela, lasterketa aurreko entrenamendua egiteko prestatzen,
gazte bat etorri zitzaidan esanez, krosseko zapatilak ahaztu zitzaizkiola. Ezin
nuen sinetsi, urteko lasterketarik bereziena izango zen eta ez nuen ulertzen,
nola ahaztu daitezken lasterkariak hain kutunak ditugun zapatilak. Azkenik, bere
aurretik lehiatzen zen neska baten zapatilekin atera zen, noski, ez ziren bere
neurrikoak, hankak markaturik amaitu zuen.
Umeekin ere
aritzen zara entrenatzaile gisa,lan bikaina eginez gainera. Ze helbururekin
jarduten zara?
Etorkizuna dira,
alde batetik. Bestetik, haurrek beste modu batera ikusten dituzte gauzak,
beraientzat garrantzia, ez dute heltzen garenean duten gauza berdinek. Agian
hobe genuke haurragoak izango bagina. Akats handi bat egiten dugu sarritan,
nahi dugu haurrak, helduen markak hobetzea, helduak baina helduagoak izatea,
formalak izatea eta itxura ona ematea. Oso gutxitan saiatzen gara, haurrak
izaten, beren lekuan jartzen, eta beraien ikuspegitik ikusten errealitatea.
Helburua, haurrek
ohitura sanoak hartzea, eta niri eman
didaten aukera bera izatea da, ametsak eraikitzeko aurrena, gero lortzen
saiatzeko, eta ez badira lortzen, gutxienik egindako bidearekin gozatzeko.
Ikastea beren gorputza entzuten. Lagunak egitea. Hortik aurrera, bestelako
emaitza eta zenbakiak, ez dute garrantzirik.
Zer esango
zenuke Xeye taldeari buruz?
Gauzak hobeto edo
gaizkiago egingo dira, pertsona eta talde denak bezala. Herri hauetan, ohitura
handia izan dugu auzokoaren lana gutxiesteko, neu ere eroria naiz harri
horretan tupust eginda. Horrek zatiketa dakar, bakoitzak bere aldetik lan egin
beharra. Uste dut, interesgarriagoa litzatekeela elkarri laguntzea, oztopoak
kentzea, pertsonetatik hasi eta taldeetaraino. Agian baikorregia naiz, baina
irribarre gehiago egin beharko genuke.
Niretzat, une
honetan, lagun talde bat da, taldeko askorekin dudan harremana asko baloratzen
dut. Asko eman izan didate, ematen
didate eta emango didatenaren esperantza dut.
Ioritz Goenaga
2 comentarios:
ERES UN CRAK
Muchas gracias!!!
Publicar un comentario