jueves, 17 de julio de 2014

Xeye Espainiako txapelketan

Esfortzuaren eta lanaren ondorioak normalean azalera ateratzen dira eta horixe gertatu zaie gure taldeko bi gazte bikain hauei, Jon Perez eta Jone Zabaletari. Denboraldi bikain baten ostean, jubenil mailako Espainiako Txapelketetan parte hartzeko gutxieneko markak egin eta bertan izango dira bi azkoitiarrak. Zita, Valladoliden izango dute, datorren astebukaeran.

Jon Perez (1997) krossean maila haundia erakutsi ostean, gogoz hasi zuen pistako denboraldia. Distantzia motzetan bikain moldatzen dela erakutsiz, pistaz pista ibili da 3.000m, 1.500m eta batez ere 800m-ko probetan.

Apirilean hasi zen aire libreko pistako probetan. Nahiz eta bere helburua bere markak ontzen joatea zen, begiz jota bazuen beste erronkatxo bat, Espainiako txapelketetako gutxieneko marka egitea. Horretarako 800m-ak 2 minutu azpitik egin behar zituen. Ez du erraza izan, marka horietan ibiltzeko arerioen maila ere beharrezkoa bai zuen.

Hainbat ahalegin egin ostean, 2:01 denbora egin zuenean ikusi zuen bi minutuko langa hortatik jeitxiko zuela. Eta horrela gertatu zen. Lasterketa bikain baten ostean bere  markarik onena egin zuen, erlojua 1:59:69 geldituaz. Denbora bikainaz gain,  Valladolideko txartela lortu zuen.


Jone Zabaleta (1998) kirolari apart horietako dugu. Urte guztia lehiatzen pasatzen du, korrika ez bada gimnasia erritmikoan. A ze meritua duena. Eta hori berretsi du, gutxieneko marka bi probetako lortu baitu: 1500m-tan eta 800m-tan.

Jone ere apirilean hasi zen pistako probetan. Neguko pista estaliko erreferentziak bazituen eta posible ikusten zuen gutxieneko denbora hoiek lortzea. Hori bai, bazekien asko saiatu behar zuela. Begiz jota zituen bi denbora: 1.500m-tako 5:02 eta 800m-tako 2:22:50. 

Ekain hasieran zentesima batzugatik ez zuen lortu 800m-takoa ontzea. Baina handik bi astera arantza ateratzea lortu zuen 2:21 denbora eginez. Iada bazuen Valladolideko txartela.

 Baina 1.500m-tan ere gai ikusten zuen bere burua eta lehenengo saiakeran lortu zuen denbora egitea. Hori gutxi ez balitz, berriro saiatu eta 4:53 egitea lortu zuen. Espainiako rankineko 16. denborarik onena. Tartean Gipuzkoako txapeldun ere izan da bi distantzia horietan. “Entrenatzaileen laguntzarekin dana askoz errezagoa izan da, beraiek motibatu nautelako minima horiek lortzera eta proba guztietan dena ematera”.


Denboraldi zoragarria egin dute eta hemendik zorionak eman nahi dizkiegu. Gozatu eta ondo ibili Valladoliden!

No hay comentarios: