jueves, 8 de mayo de 2014

Joseba Diaz, Apuko Long trail



Azkenean hainbeste egun eta hilabete esperotako lasterketa iritsi zen, Apuko long trail, 65km eta 4500m+ inguru dituen lasterketa. Nahiz eta ordu asko entrenatu Soriako mendixka txikietan barrena, zalantza ugari nituen lasterketa hasi aurretik. Nahikoa entrenatu ote dut? Bukatzeko gai izango ote naiz? Beldurra, baina aldi berean izugarrizko gogoa nuen lasterketan parte hartzeko.  Erronka berri baten aurrean nintzen, distantzia berri bat, erritmo guztiz ezberdinak, Kross denboraldian kilometroa 3:25ean egitetik oinez ibiltzera.



Eguna goiz hasi zen, egun luzea izango zen zalantzarik gabe. Lasterketan parte hartu behar zuten beste hiru azkoitiar (Odri, Ekaitz eta Xabier) eta ni Zaramillora inguratu ginen. Dorsalak, poltsa… hartu eta prest. Derrigorrezkoa zen materialari azkeneko begiratua eman eta irteera puntura. Ez zegoen atzera bueltarik. Irteeran 200 pertsona inguru bilduak geunden. Parte hartu dudan beste lasterketa guztiekin alderatuz, bertako giroak asko harritu ninduen, askoz  lasaiagoa zen. Ez zegoen presarik lehenengo ilaran jartzeko, ez zegoen bultzadarik … Mendian egun pasa bat egin behar genuen lagun taldea ematen genuen.
5-4-3-2-1 eta abian ginen. Lehengo metroetan lehengo arazoa, bizkar-zorroan nuen argi gorria erori egin zitzaidan eta ez nintzen konturatu, eskerrak atzetik oihu egin zidaten. Poltsan sartzera nindoala lurrera erori eta pila atera zitzaion, eguna ederki hasten genuen dudarik gabe. Pila alde batetik, argia bestetik, poltsan sartu eta korrika hasi nintzen. Lehenengo metroetan lasterketaren gogortasunaz konturatzen joaten zara. Lehengo mendia, Eretza 4km inguruan 800m+ inguru. Erritmo lasaian  aldaparen erdialdera iritsi eta bat-batean gizon baten hitzak entzun genituen “Animo vais primeros”. Oso harriturik beste korrikalari bati galdetu nion ia zer gertatu zen gu lehen joateko. “El grupo de cabeza se ha desviado un poco, pero aqui vienen”  Hori esan eta hamar korrikalari inguruk harrapatu eta aurrera jo zuten. Ni bitartean lasai, nire erritmoan jarraitzen nuen. Eretzaren azkeneko metroak beldurtzeko modukoak ziren, izugarrizko aldapa, ezkerrak lehenengo kilometroak ziren. Apuko extrem egiten hari ziren korrikalariak harrapatzen joan ginen (hauek 25. Kilometroan aurkitzen ziren).Eretzan geunden, bat gutxiago. Beherako bidea ere oso gogorra zen, aldats handia zegoen eta nire teknika onena ez denez, postu batzuk galdu nituen. Sodupen ginen 11. Kilometroan. Oso pozik nindoan, erritmo lasai batean, indarrak gordez eta 12. postuan.  Familiarekin eta taldekideekin hitz batzuk egin, zerbait jan eta lanera berriro.
 Rioyara bitartean Joseba Altuna azpeitiarrarekin berriketan joan nintzen, eroso eta kilometroak konturatu gabe egiten. Bigarren mendia, Trasmosomos jaisten hasi eta bat-batean tripak arraro sentitzen hasi nintzen. Betekada sentsazioa nuen, ezin nuen ezer jan eta edan. Zallara bitarteko kilometroak gogorrak egin zitzaizkidan, pare bat aldiz gelditu behar izan nuen.
Sufritzen baina 34. Kilometrora iritsi nintzen 21. postuan, Zallara, lasterketako anoa gune handiena. Berriro ere familiarekin eta taldekideekin hitz batzuk egin, nire arazoa azaldu eta kamiseta aldatu nuen. Hobeto sentituko nintzelakoan  makarroi plater bat jan nuen,  izugarrizko akatsa. Zallatik irteten Egoitzekin azkeneko hitzak egin eta aurrera. Lehengo aldapan tripak oraindik eta okerrago zeuden, ezin nuen arnasa ongi hartu eta lehengo aldiz lasterketa bertan behera uzteko pentsamenduak etorri zitzaizkidan. Jende ugarik harrapatu ninduen , Xabier Uzin azkoitiarrak abiadura handiz , sentsazio oso onak transmitituz. Pauso bat bestearen atzetik eman arnasa hartu eta segi, buruarekin borrokan, sufritzen Ubietara iritsi nintzen. Goian geldiunetxo bat, arnasa behar nuen, pultsazioz igo ezkero botaka gura eta aldapa behera ezin korrikarik egin. Nire buruari agindu nion 45. Kilometroa, Güeñesen, erretiratu egingo nintzela. Anoa gunera iritsi baino 3km lehenago nire tripak tope jo zuen eta bazter batean ordura arte jan eta edandako guztia bota beharra izan nuen, argi zegoen, erretiratu egingo nintzen.Beste korrikalarien jarrera benetan txalotzekoa, denak galdezka eta laguntzeko asmoarekin gelditzen ziren nire alboan eta ea zerbait behar nuen galdezka. Lasterketa hauek beste mundu batekoak dira dudarik gabe.
Güeñesera lur jota iritsi nintzen 51. Postuan. erretiratzeko nire asmoa lagunei azaldu nien. Espero ez nuela ordea,  zerbait jan ondoren hobeto sentitzen hasi nintzen, betekada sentsazioa  galdu nuen. Hankak ondo sentitzen nituen eta indarrarekin oraindik. Familiaren eta taldekideen animu oso garrantzitsuak jaso ondoren, bi aldiz pentsatu gabe Luxar eta Aldape igotzera abiatu nintzen. Guztiz aldatu zen egoera, indarrarekin sentitzen nintzen orain, ez nuen minik. Jendea pasatuz joan nintzen eta oso motibaturik. Botaka egiten ikusi ninduten batzuen harridurak eta hitzek asko motibatu ninduten. Indartsu sentitzen nintzen, edozer egiteko gai.
Orduak pasatuz zihoazen, nekea pilatzen.  Nahiz eta hobeto sentitu Castañosera (58. Kilometroa) zihoan bideak psikologikoki eta fisikoki hautsi ninduen. Hiru mendixka igo genituen, oso gogorrak, izugarrizko aldapa zuten. Baina dudarik gabe gogorrena beherako bidea izan zen. Lokatz handia, makilarik ez, aldapa handia eta teknika eskasa, guzti honek eraginda Castañosen berriro ere erretiratzeko gogoa bueltatu zitzaidan.
Mendi bakarra genuen aurretik, Apuko, oso gogorra hau ere. Castañosen Iban eta Aitor izeneko bi korrikalariri esker, jarraitzea erabaki nuen, bukaerara arte. Hitz batzuk egiten joan ginen, nekea oso nabaria zen, a “piñon fijo” ez zegoen erritmo aldaketarik, pauso bat beste baten atzetik, inertziaz gindoazen aurrera. Momentu batzuetan buruak deskonektatu egiten zuen  sufrimendu horretatik aldendu nahian, baina aldapa gogor horiek errealitatera bueltatzera derrigortzen zidaten. Apukoren erdialdean Egoitz, Jokin, Ioritz, Aiora eta Epi aurkitu genituen bat-batean. Laguntza handia eman zidaten izan ere hauekin hitz batzuk eginez entretenitu eta distraitu egiten zinen, nekea ahaztuz. Erdi hilda Apukon ginen, Ibanekin iritsi nintzen gailurrera, 3km bakarrik gelditzen ziren eta aldapa behera. Lehengo metroetan konturatzen hasi nintzen oso gogorrak egingo zitzaizkidala. Kuadrizepzetan izugarrizko karranpak hasi zitzaizkidan. Güeñesetik aurrera, berriro ere tripetako arazoak edukitzearen  beldur, gutxi jan eta edan nuen eta normala zen karranpak izatea. Dudarik gabe orain arte izan dudan sufrimendurik handiena . Bi pauso eta eseri edo gelditu egin behar, helmuga ikusi egiten zen, musika entzuten nuen baina ezin nuen pausorik eman bertara iristeko. Korrikalari askok  harrapatu ninduten (20 postu inguru galdu nituen tarte honetan). Negar egiteko gogoa nuen, 2 kilometro falta eta ezin pausorik egin, puskatuta nindoan.
Biziko 45 minutu gogorrenak bizi ondoren pausoz-pauso Zaramillora iritsi nintzen. Han ziren helmugan taldekideak, familia, Imanol Aleson haundia (Ehunmilak bi aldiz irabazia, UTMB parte hartua…). Helmugara iritsi nintzen, momentu horretan hain nekatua nindoan ez nuela pozik sentitu ere, lasaitasuna bakarrik sentitzen nuen. 11 ordu eta 15 minutu eta gero berriro ere irteera puntuan aurkitzen nintzen. 72. postuan amaitu nuen. Agian sentsazio  gazi-gozoa postuarengatik baina oso pozik lasterketa amaitzeko gai izan nintzelako.

Momentu batzuetan gaizki pasatu arren uste dut egun zoragarria izan zela. Lehenengo ultra, lehen esperientzia horrelako lasterketa batean, ez nuen pentsatzen hainbeste sufrituko nuenik, baina handik egun batzuetara konturatzen zara zenbat eta gehiago sufritu orduan eta poz gehiago ematen duela bukatzeak. Momentuan postuagatik sentitu nuen sentsazioak alde egin dit, konturatu nahiz horrelako lasterketetan garrantzitsuena bukatzea dela, finisher izatea bakarrik arro egoteko arrazoi nahikoa dela.
Esperientzia ahaztezin hau ez litzateke berdina izango Egoitz, Ioritz, Jokin, Epi eta Aiora egongo ez balira. Hauen animuak, laguntzak … ezin dira hitzekin bakarrik eskertu. Benetan zorioneko nahiz horrelako jendea gertu izatearekin.  


Honts lasterketaren inguruan, Ioritz Goenagak egin duen bideoa!!!!

1 comentario:

Tertzio dijo...

Zorionak Joseba! Oin disfrutatzea...