lunes, 15 de mayo de 2017

KADETE, JUBENIL ETA JUNIOR MAILAKO GIPUZKOAKO TXAPELKETAK

Aire Libreko denboraldia martxa hartzen ari denarekin batera uztail erdira arte luzatuko diren txapelketen hasiera izan da asteburu honetakoa. Asteburu honetan kadete, jubenil eta junior mailako Gipuzkoako txapelketak ospatu ziren Anoetako miniestadioan, asteburu benetan ona eta berezia izan da XEYE taldearentzat.  



Larunbat arratsaldean Aitor Madrazo izan zen aurrena lehiatzen 1500m-etan 4:16 denborarekin. Nagore Odriozolak kadete mailako 100m-etan parte hartu zuen, eta aire libreko denboraldia oso indartsu hasi duela erakutsi zuen 13,24 denborarekin 5. Postua lortuz podiumetik 4 zentezimetara bakarrik. Ondoren Ekain Uzkudunen txanda izan zen Disko Jaurtiketan, azkenaldian abiadurako probetan zentratuta dabil azpeitiar gaztean, baina aurreko urteetan txukun moldatzen zen modalitate honetara itzultzeko hautua egin zuen asteburu batez eta 25m jaurtiketarekin lan polita egin zuen. Aitor Zubillaga eta Aintzel Bereziartuak goraipatzeko lana egin zuten 100m-etan, lehena 11,16 denborarekin Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen eta Uztailean Granollersen ospatuko den Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu zuen. Aintzelek ere izugarrizko lasterketa egin eta bere marka pertsonalari segundo erdia baina gehiago kendu zion 11,69 denborarekin 4. Postuan sailkatzeko, itxura oso ona dauka mutil honen aire libreko denboraldiak. Nerea Rezabal ere ildo beretik hasi da aire librean eta gipuzkako txapelketarako baliagarria ez zen  300-eko lasterketan parte hartu eta berriz ere bere denbora onena egitea lortu zuen 46,36 eginez, indartsu hasi da aurtengoan. Larunbateko jardunaldiari amaiera emateko XEYE taldeak aurreneko aldiz errelebo probetan parte hartu zuen, benetan momentu berezia izan zen. Ekain Uzkudun, Aintzel Bereziartua, Jokin Lete eta Aitor Zubillagak osatu zuten 4x100m gizonezkoen erreleboa, nesketan berriz, Yania Tena, Eneritz Aramendi, Larraitz Blanco eta Nagore Odriozolak osatu zuten 4x100m emakumezkoena. Lan oso ona egin zuten bi erreleboek 46,52 denborarekin aurrenak eta 53,02 bigarrengoak, une oso berezia izan zen gure taldearentzat.  
Igande goizean bigarrengo jardunaldia ospatu zen eta XEYEko hiru kide izan ziren lehiaketan. Naroa Muñoz pista estalia amaitu zuen ildo beretik hasi da aire librean, 1,48ko altuera gaindituz Gipuzkoako Txapeldun bilakatu zen, lan bikaina. Ondoren Aitor Zubillagaren txanda izan zen 200m-etan, Gipuzkoako azpi txapeldun bilakatu zen bere marka pertsonala eginez 22,69 denborarekin, horretaz gain, denbora horrekin Espainiako Txapelketarako txartela lortu zuen modalitate horretan ere. Asteburua amaitzeko Yania Tenak 200m-etan parte hartu zuen eta 28,22 denborarekin 5. Postuan sailkatu zen, sentsazio oso onak erakutsi ditu asteburu honetan.  




Amaitzeko erreleboetako probetako aurreneko parte hartzea azpimarratzea nahiko genuke, orain dela gutxi XEYE taldearentzat modalitate horietan parte hartzea pentsaezina zen, bai inguru hauetan abiaduran jarduten zuen jende gutxiagatik eta bai modalitate hau atletismoko pista gabe entrenatzea oso zaila delako. Hala ere, pixkanaka lan eginez eta irudimenarekin pauso txikiak emanez goaz benetan gustuko dugun kirol honetan.

No hay comentarios: