miércoles, 14 de mayo de 2014

Egoitz Arruti ezagutzen

Inguruan beti behar den lagun horietakoa da gure protagonista. Besteen alde lan asko egiten duen horietakoa. Bere hausnarketa eta konseiluak ikaragarri estimatuak izaten dira. Lagunen laguna, beti  or egoten da laguntzeko prest. Esaldi bakoitzean beti du zerbait interesgarria esateko. Eta hitz batzuk kendu dizkiogu azpeitiar (edo azkoitiar?) gazte honi.

Nor da Egoitz Arruti?
Ez da erraza, horrelako galdera sinple bati erantzutea. Agian, sinpletasunak berak egiten gaituelako konplexu. Ez nuke nahi ere, nor naizen esatea, koherentziarik gabe bizi naizela ohartu naizelako eta onartu dudalako. Elkarrizketa hau bera ere, nire inkoherentziaren adibide izan daiteke. Saiatzen naiz, besterik gabe, sentitzen dudana egiten eta hori da Egoitz Arruti.

Noiz hasi zinen korrika egiten?Zergatik?
Korrika egiten, nolabaiteko jarraikortasunez, 15 urte inguru nituela hasi nintzen, ume umetatik atsegin nuen, baina beti nahiko makala izan nintzen eta honek lotsa puntu bat ematen zidan. Gustura sentitzen nintzen korrika egitean, baina beldurra ematen zidan, neure buruari jarritako helmugetara ez iristeak hankak gelditzen zizkidan. Pixkanaka, lasterketa baten edo besten irteteko konfiantza hartu nuen, nituen aurreiritziak gainditu nahirik, baina oso gaizki pasaz. Urduri jartzen nintzen, ez nintzen gai neure burua lasaitzeko. Urteak aurrera, konplexuak kentzen joan, esperientziak biltzen, eta neure buruari erakusten, uste nuena baina hobeago nintzela, eta hala ez izanagatik ere, nahikoa zela ongi sentitzea korrika egiten, erlojua ez zela dena.
Bizitzaren gora beheretan, lasterketa baten ostean, Jose Antonio Zulaikarekin egin nuen topo, eta asko eskertzen diodan esaldi bat esan zidan. “Zeatik ez haiz gurekin ibiltzen antxitxike?”, lotsa, poza, baina erantzuna bai izan zen. Hortik aurrera, Pedro Muñozi esker, korrika ikasi nuen, apur bat, ez asko. Bi pertsona horiei esker, oso umetatik nituen amets batzuk bete ahal izan ditut, Lasarteko Krossean ateratzea, Elgoibarkoa amaitzea, pista baten korrika azkarra sentitzea…

Zer eman dizu atletismoak eta zer kendu?
Konfiantza neure buruan. Neure gorputza ezagutzeko aukera. Hortik aurrera, lagunak, taldea, bizipen ugari. Pertsona denok nahi dugu, talde baten zati izatea, talderen babesa, eta hori eman dit batik bat.
Kendu ezer ez.

Baina dena ez da korrika, mendia ere ikaragarri gustatzen zaizu. Zer du mendiak zuretzako?
Mendia, nahi dudana, babesa, lasaitasuna, natura. Bizitzari begiratzeko modu bat, beste ikuspegi batetik, beste erritmo batean. Hala ere, mendiak duen gauzarik erakargarriena, bizitzarekin duen hartu emana da, hauskor sentiarazten zaituelako. Uste arren sarritan, betirako garela, hauskorrak garen oinarritik, bizitza bizi beharra dago, eta hori erakusten dit mendiak.

Andeak ere zapaldutakoa zara. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Izugarria. Denetik izan zuen bidaia hark. Sarritan, liburuak irakurtzen ditugu, irudiak ikusten, baina dena motz geratzen da, bertatik bertara, denak beste magnitude bat hartzen du. Kultura ezberdinak, gizarte ezberdina, paisaia ezberdinak, eta ikasteko asko. Txiki sentitzearen sentsazioa, eta era berean, munduari hain goitik begiratzeak, nire barnean ordu-arte ezagutzen ez nituen sumendiak erakutsi zizkidan.

Bidaiatzea ere zure biziaren parte bat da, mendiren batera ez bada txirrinduan. Zerk erakartzen zaitu horrelakoak egiterakoan?
Sarriegi uste dugu onenak garela, gu beste inor ez dela. Kanpora ateratzean, leku berriak eta pertsona ezberdinak ezagutzean, aberastu egiten zara. Txirrinduaz bidaiatzeak, abantaila asko ditu, handiena, lekuak ikusteko eta ezagutzeko ematen dizun aukera izango da. Ziurrenik, beste moduren batean, inoiz iritsiko ez zinen lekuetara iritsi zintezke, eta dena zure hanken indarrarekin. Pertsona ugariri entzun diet, eta arrazoia ematen diet, bizikleta inoizko asmakuntzarik onena da.

Anekdotaren bat izango duzu ba kontatzeko?
Batzuk bai. Hemen kontatzeko modukoak agian ez hainbeste. Jejejeje.
Aurten, Espainiako taldekako kross txapelketara entrenatzaile modura joateko aukera izan dut. Han ginela, lasterketa aurreko entrenamendua egiteko prestatzen, gazte bat etorri zitzaidan esanez, krosseko zapatilak ahaztu zitzaizkiola. Ezin nuen sinetsi, urteko lasterketarik bereziena izango zen eta ez nuen ulertzen, nola ahaztu daitezken lasterkariak hain kutunak ditugun zapatilak. Azkenik, bere aurretik lehiatzen zen neska baten zapatilekin atera zen, noski, ez ziren bere neurrikoak, hankak markaturik amaitu zuen.
Umeekin ere aritzen zara entrenatzaile gisa,lan bikaina eginez gainera. Ze helbururekin jarduten zara?
Etorkizuna dira, alde batetik. Bestetik, haurrek beste modu batera ikusten dituzte gauzak, beraientzat garrantzia, ez dute heltzen garenean duten gauza berdinek. Agian hobe genuke haurragoak izango bagina. Akats handi bat egiten dugu sarritan, nahi dugu haurrak, helduen markak hobetzea, helduak baina helduagoak izatea, formalak izatea eta itxura ona ematea. Oso gutxitan saiatzen gara, haurrak izaten, beren lekuan jartzen, eta beraien ikuspegitik ikusten errealitatea.
Helburua, haurrek ohitura sanoak hartzea, eta niri  eman didaten aukera bera izatea da, ametsak eraikitzeko aurrena, gero lortzen saiatzeko, eta ez badira lortzen, gutxienik egindako bidearekin gozatzeko. Ikastea beren gorputza entzuten. Lagunak egitea. Hortik aurrera, bestelako emaitza eta zenbakiak, ez dute garrantzirik.

Zer esango zenuke Xeye taldeari buruz?
Gauzak hobeto edo gaizkiago egingo dira, pertsona eta talde denak bezala. Herri hauetan, ohitura handia izan dugu auzokoaren lana gutxiesteko, neu ere eroria naiz harri horretan tupust eginda. Horrek zatiketa dakar, bakoitzak bere aldetik lan egin beharra. Uste dut, interesgarriagoa litzatekeela elkarri laguntzea, oztopoak kentzea, pertsonetatik hasi eta taldeetaraino. Agian baikorregia naiz, baina irribarre gehiago egin beharko genuke.   
Niretzat, une honetan, lagun talde bat da, taldeko askorekin dudan harremana asko baloratzen dut.  Asko eman izan didate, ematen didate eta emango didatenaren esperantza dut.


 Ioritz Goenaga

2 comentarios:

Anónimo dijo...

ERES UN CRAK

Ttikie dijo...

Muchas gracias!!!