viernes, 31 de mayo de 2013

Yurek Ibargureni elkarrizketa



Yurek Ibarguren Xeye taldeko korrikalari azpeitiarra dugu. Umea zenetik atletismoa izan da bere kirola eta azkenaldian emaitza onak lortzen ari da. Hemen dituzue gure galderei emandako erantzunak, mutil saiatu honek badu zer kontatua: 




- Zergaitik hasi zinen atletismoan?

11 urte inguru nituela hasi nintzen korrika. Txiki txikitatik postu onak lortu ditut eta asko gustatzen zitzaidan korrika egitea. Beraz, beste herri batzuetako lasterketak korritzera joatea erabaki nuen, baina horretarako serio hasi behar nuela erabaki eta entrenatzen hasi nintzen.

  - Zein izan dira zure momenturik gozoenak eta garratzenak atletismoan?

Momentu gozo ugari izan ditut, esate baterako, 2008an lortu nuen nire lehenengo garaipena edo Euskadiko mailan izan ditudan postu onak izan dira, baina honena aurreko urtean gertatu zen, Lasarteko lasterketan taldezka Euskadiko txapeldun geratu ginenekoa eta Espainiako txapelketa korritzera joan ginenekoa Marina Dor-era. Momentu garratz gutxi batzuk ere izan ditut, lesioak batez ere.

- Haurra zinenetik Azkoitira joan behar izan duzu entrenatzera, nola antolatu zara?

Egun batzuetan zaila izaten zen baina gehienetan ez dut arazo haundirik izan antolatzeko, eta hori gehienbat nire gurasoei esker izan da, beraiek sakrifikatu behar izan dute eta ni Azkoitiara entrenatzera eramateko.

- Denboraldian zehar mota ezberdinetako probeta hartu ohi duzu parte, zein duzu gustukoen? Aire libreko pista, pista estalia, krossak?

Nire probarik gustukoenak aire libreko pistakoak izan dira betidanik, gehienbat 1500 eta 3000ko probak. Krosa ere asko gustatzen zait baina oso gogorra da eta eguraldi txarrarekin hare gogorragoa bihurtzen da. Pista estalia berriz, aurreko urtean hasi nintzen lehiatzen eta gustatu arren proba zailak dira lehiatzeko, itzuli asko eman behar baitira eta posizio ona lortzea oso zaila baita.

 - Atletismoa bakarkako kirola dela uste al duzu?

Nire iritziz ez da bakarkako kirola. Egia da lasterketak eta amaierako emaitzak zeuk lortu behar dituzula baina azken emaitz horiek lortzeko taldekideekin entrenatzen dugu denboraldi osoan zehar eta taldekideek ematen duten laguntza psikologikoa ere oso garrantzitsua da emaitz horiek lortzerako garaian, beraz taldekako kirola dela esan daiteke. 



- Distantzia ezberdinak ere probatu dituzu, zeinetan sentitzen zara ondoen?

Lehen esan dudan bezala 1500 eta 3000ko probak dira gehien gustatzen zaizkidanak eta ondoen sentitzen naizena, abiadura behar baita proba horietan baina aldi berean erresistentzia behar duzu distantzia jakin batean abiadura horri eusteko eta nahi duzun denboren barruan sartu eta emaitz onak lortzeko.

- Eguraldi txarra izan dugu azken aldi honetan, noiz bait geratu al zara entrenatu gabe eguraldia medio?

Ez. Normalean entrenamentuak ondo betetzen dituen pertsona naiz, egia da entrenamendu batzuetarako kalte haundia egiten duela eta ez dela xamurra izaten, baina hala ere beti entrenatu ohi dut, eguraldi ona edo txarra egin.

 -Gustatuko al litzaizuke urte hauetan ikasi duzuna etorkizuneko atletetei erakustea?

Asko gustatuko litzaidake, izugarria izan behar baitu umeei zuk dakizun guztia erakustea eta ume horiek atletismoaz gozatzen ikustea. Oraingoz ez dut aukerarik eta denborarik izan baina etorkizunean aukeraren bat edukitzea eta hori aprobetxatuz momentu onak edukitzea espero dut.

- Ba al duzu ametsik atletismoarekin lotuta?

Ametsak beti izaten dira baina oso zailak izaten dira gauzatzea. Nire ametsetako bat atletismoari lotutako zerbait eginez bizitzea da. Konpetizioko arloari begiratuta, atleta guztiek bezala Olinpiadetan parte hartzea izango zen, baina pixka bat errealago begiratuta datorren urtean taldezka berriro ere Espainiako txapalketara klasifikatzea izango zen eta han aurreko urteko postuak obetzea taldekideekin batera.





No hay comentarios: