Olatz Gabilondo Azkoitiarra, Xeye taldeko atleta bikaina dugu. Korrika egiteaz gain, taldean berak egin izan duen lana ez da ahuntzaren gau-erdiko eztula izan. Hemen dituzue berak guk eginiko zenbait galderari emandako erantzunak, denontzat erreferentzia bat izan den neska honek badu gauza interesgarririk kontatzeko.
- Noiz eta zergaitik hasi zinen Korrika?
Betidanik
izan dut gustuko korrika egitea. Garai bateko EGBa bukatu nuen arte,
hau da 14 urte izan nituen arte, parte hartu izan nuen zenbait
lasterketetan. Ondoren, jarraitzeko gogoa banuen ere, saskibaloian
jolasteari ekin nion, nire beste zaletasuna. 18 urte nituenean,
Gasteizera joan nintzen ikastera. Saskibaloian jarraitzeko aukera izan
ezinik, noizean behin ateratzen nintzen korrika egitera eta Gasteizetik itzuli
nintzenean, 21 urtez maiztasun gehiagorekin hasi nintzen korrika.
- Zer eman eta zer kendu dizu atletismoak?
Nire
ustez bizitzan, gauza guztietatik ikas dezakegu zerbait, bereziki
gaizki ateratzen zaizkigun gauzengatik. Ez dut uste ezer kendu didanik,
eman baizik, momentu txarrentatik zerbait aprobetxatzeko aukera eman
bai dit. Nahi izan dudan denbora eskaini diot, beste toki batzuetatik
kenduz noski, derrigorrezkoak ez diren gauzetatik. Azkenean aukeraketa
egin beharra dago eta pasa zenezakeen denbora hori familia eta
lagunekin, baina maite gaituztenok ulertzen eta errespetatzen dituzte
gure nahi eta beharrak.
-Uste duzu atletismoa bakarkako kirola dela?
Ez.
Beharbada hortan zorte handia izan dut eta ia beti izan dut norbait
korrika egiteko eta benetako lagunak egiteko aukera izan dut mundu
honetan. Badaude zenbait momentu non bakar lana garrantzitsua den, baina
nituen helburuak bete ahal izateko, nahiago nuen lagunartea eta
taldekideen laguntza eta bultzada, ezinbestekoa izan delarik une askotan.
- Atletismoan izan duzun momenturik gozoena eta garratzena.
Garratzenak
lesioak eta gaixotasunak izan dira baina ahaztea hobe. Gozoak asko,
baina aukeraketa bat egin beharko banu, San Silbestrean atera nintzen
lehen aldian, lehenengo azkoitiarraren saria jaso nuenean. Ondoren,
lasterketa berdinean lehenengo hiru postuetan gelditu nintzen lehen
aldian eta azkena joan zen urtean, Maratoi Erdian 1.30eko denbora jeisten
nuela ikusten ari nintzenean Loiolako sarreran. Baina ederrena nirekin
momentu alai horiek konpartitzeko prest egon direnen aurpegi alaiak.
Egiten dugun lanak beste batzuk ere pozten dituela ikustea, oso polita
izaten da.
Gure neska mutilekin ere asko disfrutatu dut. Orain
nik gozatzen dut beraien lorpenak ikusiz, askotan neureak ere pixka bat
izango balira bezala.
- Nola ikusten duzu emakumezkoen atletismoa?
Gaztetxoak indartsu datozte eta taldean baditugu batzuk etorkizun ona dutenak.
Pentsatu nahi dut gero eta gehiago indartzen joango dela, urte txakal
batzuk pasa baititu. Denek dute beren meritua, bai gizonezko eta baita
emakumezkoek ere, baina guk baditugu zenbait faktore zenbaitetan gure
kontra jokatzen dutenak eta gure eguneroko lana zaildu dezaketenak.
Bestalde, faktore hauek berauek gogortu egiten gaituzte. Gero eta
emakume gehiago ikusten da korrika eta lasterketetan parte hartzen eta
hau pozgarria da.
- Zer esango zenieke taldean ditugun atleta gaztetxoei?
Norbaitek
esan zuen bezala "Pozak biderkatu egingo ditugula eta zailtasunak
zatitu". Jarrai dezatela horrela eta jarrai dezatela giro on hori
izaten. Horri esker beti izango bai dituzte beraien
garaipenak partekatzeko lagunak eta tristurak datozenean, hauek ere
banatzeko aukera. Lana ondo egiten denean, gauzak ateratzen direla eta
bestela, pazientzia, gorputzari entzun eta ahal duten heinean disfruta
dezatela egiten duten guztiaz.
2 comentarios:
Atleta handia, pertsona handiagoa. Kirola maite dugunontzat erreferente ezin hobea. Neuri bizitzan oparitu didan pertsonarik ederrenetariko bat.
Ainara
Ea Ane ere zu bezain polita den eta korrikalaria berriz obea.
Pedro
Publicar un comentario