domingo, 22 de octubre de 2017

XVII. Azpeitiko San Silbestre proba

Urtero legez, eta 17. urtez jarraian, Azpeitiko kaleetan zehar San Silbestrea izango dugu aurten ere. Azpeitiko plazatik hasi eta  bertan bukatuko dira probak. Urteari amaiera modu bikainean emateko aukera izango dugu denok, era berean, jaia eta kirola uztartuz.
Aurten bi lasterketa izango ditugu:

LASTERKETA IREKIA: 11:30
Lasterketa irekiak ez du sailkapenik izango, ez eta izen ematerik. Inklusioaren aldeko korrika saioa izango da, eta aukera bikaina iruditzen zaigu, besteak beste, haurrek beren gurasoekin parte hartzeko, korrika inoiz egin ez duen jendea une batez hortan aritzeko eta inklusioaren aldeko aldarri honetan norbere aletxoa jartzeko. 600 metroko jai bat izatea nahi dugu, denok elkarrekin korrika eginez gozatzeko Azpeitiko alde zaharreko kaleetan barrena.

LASTERKETA HERRIKOIA: 12:00
6,2km dituen proba izango da. Zirkuito bati bi bira eman behar zaizkio lasterketa osoa egiteko. Izen ematea www.kirolprobak.com web-orrian bidez egin ahal da; izan ere, jada eman daiteke izena bertan. Sailkapena lehiatuko dutenetatik harago, gure nahia da jendeak kirola eginez agurtzea urtea. Horretarako, iruditzen zaigu egin beharreko distatzia egokia dela. Bestalde, blog honetan bertan aurkitu ditzakezue, nahiz eta inoiz korrikarik ez egin, lasterketa hau prestatzeko balio dezaketen entrenamenduak:  http://xeyeat.blogspot.com.es/2015/09/san-silbestrerako-entrenamenduak.html

Hau izango da ibilbidea:


DORTSALAK ETA TXIPA

Txipa dortsalean izango duzue; beraz, ez duzue arduratu beharrik txiparekin. Dortsalak lasterketa egunean banatuko dira, 10:30tan hasi eta proba hasi baino orduerdi lehenago arte. Aurten aurreneko aldiz, abenduak 30 larunbata, dortsalak jasotzeko aukera izango da Berdura Plazan. Aurten 900 dortsal izango ditugu, ez da aurreneko aldia izango dortsalak agortzen direna; ondorioz, ez egon azken unera arte izena emateko zain.

DUTXAK ETA KONSIGNAK

Dutxak Izarraitz pilotalekuan izango dira, irteera gunetik 100 metrora. Arropak uzteko aukera ere bertan izango duzue.

IZEN EMATEAK

Aurten ere izen emateak soilik web honen bidez egin ahalko dira: www.kirolprobak.com. Hain zuzen ere, 9€ ordainduta.

Haurrak 2004tik aurrera jaiotakoak badira, Lasterketa Irekian har dezakete parte; Aldiz, hortik atzerakoek gainerakoekin batera irten ahalko dute Lasterketa Herrikoian.

SARIAK ETA ZOZKETAK

Urteroko modura, maila desberdinetako irabazleentzat sariak banatuko ditugu eta zozketa ugari egingo ditugu. Gure nahia inor etxera esku hutsik ez joatea da!

lunes, 15 de mayo de 2017

KADETE, JUBENIL ETA JUNIOR MAILAKO GIPUZKOAKO TXAPELKETAK

Aire Libreko denboraldia martxa hartzen ari denarekin batera uztail erdira arte luzatuko diren txapelketen hasiera izan da asteburu honetakoa. Asteburu honetan kadete, jubenil eta junior mailako Gipuzkoako txapelketak ospatu ziren Anoetako miniestadioan, asteburu benetan ona eta berezia izan da XEYE taldearentzat.  



Larunbat arratsaldean Aitor Madrazo izan zen aurrena lehiatzen 1500m-etan 4:16 denborarekin. Nagore Odriozolak kadete mailako 100m-etan parte hartu zuen, eta aire libreko denboraldia oso indartsu hasi duela erakutsi zuen 13,24 denborarekin 5. Postua lortuz podiumetik 4 zentezimetara bakarrik. Ondoren Ekain Uzkudunen txanda izan zen Disko Jaurtiketan, azkenaldian abiadurako probetan zentratuta dabil azpeitiar gaztean, baina aurreko urteetan txukun moldatzen zen modalitate honetara itzultzeko hautua egin zuen asteburu batez eta 25m jaurtiketarekin lan polita egin zuen. Aitor Zubillaga eta Aintzel Bereziartuak goraipatzeko lana egin zuten 100m-etan, lehena 11,16 denborarekin Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen eta Uztailean Granollersen ospatuko den Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu zuen. Aintzelek ere izugarrizko lasterketa egin eta bere marka pertsonalari segundo erdia baina gehiago kendu zion 11,69 denborarekin 4. Postuan sailkatzeko, itxura oso ona dauka mutil honen aire libreko denboraldiak. Nerea Rezabal ere ildo beretik hasi da aire librean eta gipuzkako txapelketarako baliagarria ez zen  300-eko lasterketan parte hartu eta berriz ere bere denbora onena egitea lortu zuen 46,36 eginez, indartsu hasi da aurtengoan. Larunbateko jardunaldiari amaiera emateko XEYE taldeak aurreneko aldiz errelebo probetan parte hartu zuen, benetan momentu berezia izan zen. Ekain Uzkudun, Aintzel Bereziartua, Jokin Lete eta Aitor Zubillagak osatu zuten 4x100m gizonezkoen erreleboa, nesketan berriz, Yania Tena, Eneritz Aramendi, Larraitz Blanco eta Nagore Odriozolak osatu zuten 4x100m emakumezkoena. Lan oso ona egin zuten bi erreleboek 46,52 denborarekin aurrenak eta 53,02 bigarrengoak, une oso berezia izan zen gure taldearentzat.  
Igande goizean bigarrengo jardunaldia ospatu zen eta XEYEko hiru kide izan ziren lehiaketan. Naroa Muñoz pista estalia amaitu zuen ildo beretik hasi da aire librean, 1,48ko altuera gaindituz Gipuzkoako Txapeldun bilakatu zen, lan bikaina. Ondoren Aitor Zubillagaren txanda izan zen 200m-etan, Gipuzkoako azpi txapeldun bilakatu zen bere marka pertsonala eginez 22,69 denborarekin, horretaz gain, denbora horrekin Espainiako Txapelketarako txartela lortu zuen modalitate horretan ere. Asteburua amaitzeko Yania Tenak 200m-etan parte hartu zuen eta 28,22 denborarekin 5. Postuan sailkatu zen, sentsazio oso onak erakutsi ditu asteburu honetan.  




Amaitzeko erreleboetako probetako aurreneko parte hartzea azpimarratzea nahiko genuke, orain dela gutxi XEYE taldearentzat modalitate horietan parte hartzea pentsaezina zen, bai inguru hauetan abiaduran jarduten zuen jende gutxiagatik eta bai modalitate hau atletismoko pista gabe entrenatzea oso zaila delako. Hala ere, pixkanaka lan eginez eta irudimenarekin pauso txikiak emanez goaz benetan gustuko dugun kirol honetan.

martes, 28 de marzo de 2017

Kross denboraldiaren laburpena


Amaitu zaigu lur gaineko kross denboraldia ere. Urrian hasi, eta orain arte hainbat lasterketetan parte hartu dute gure taldeko zenbait kidek, eta esan dezakegu aurten ere emaitza oso onak lortu dituztela. Azpimarratzekoak izan dira Gipuzkoako txapelketan lortutako hiru dominak eta Euskadiko Kross txapelketan, senior mutilen mailan, taldeka lortutako seigarren postua. Jarrain sakonago aztertuko dugu taldekide bakoitzak egin duen lana:

Leire Uzin: izugarrizko denboraldia burutu du Azkoitiko atleta gazteak. Gipuzkoako txapelketan hirugarren egin ostean, Euskadiko txapelketan laugarren postua lortu zuen. Horregatik, Espainiko bakarkako txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen, eta Don Beniton izan da joan den astebukaeran. Maila bat gora egin duela erakutsi du denboraldi guztian zehar.

Miren Fernandez: denboraldian zehar kross bakarra lehiatu du, eta hura Euskadiko txapelketakoa izan zen. Bertan egon ziren baldintzak kontuan hartuta lan txukuna egin zuen Fernandezek.

Ihintza Arakistain: beste behin, gogor lehiatu da Arakistain, eta Gipuzkoako txapelketan hirugarren postua lortu zuen. Egutegiko krossik gehientsuenetan hartu du parte eta, besteak beste, azpimarratu behar da Lasarteko krossean lortutako hirugarren postua.

Naia Aleson: indarrik gordetzen ez duen atleta da Aleson. Urtean zehar hainbat postu on lortu ostean, Lasarteko krossean oso maila ona erakutsi zuen, bertan, laugarren postua eskuratu zuen. Apurka-apurka egindako lanak ekarri dizkio emaitza onak, eta oraindik lortuko ditu hobeak gisa horretan saiatzen jarraitzen badu.

Eneritz Aramendi: aurten bere indar guztiak krossera bideratu ditu Aramendik, eta  esfortzuak emaitza onak lortzea ekarri dio. Maila berrira igotzeak distantzia berrietara egokitzeko beharra ekarri du, eta horretan aritu da atleta Azpeitiarra. Parte hartu duen lasterketa gehienetan aurreneko hamar postuetan sartzea lortu du. Bere lasterketarik onena Elgoibarko krossekoa eta Euskadiko txapelketakoa izan dira.

Jon Perez: haurra zenetik aurreko muturrean dabil Perez, eta aurten ere, nahiz eta mailaz igo den, ez du hutsik egin. Bere aurreneko denboraldia izan da promesa mailan eta, batez ere, azpimarratu beharra dago Euskadiko txapelketan lortutako seigarren postua. Emandako maila onak ekarri dizkio hainbat sari, horien artean, Espainiako txapelketa lehiatzeko aukera Gijonen edo Unibertsitate arteko txapelketa Murcian.

La imagen puede contener: 5 personas, personas de pie, calzado, niños y exterior


Aitor Madrazo: gutxi lehiatu du aurten Madrazok. Negu partean gaixorik ibili ostean, Euskadiko txapelketarako sasoia apur bat hobetzea lortu zuen eta bere maila erakutsi ahal izan zuen bertan. Hurrengo urtean ziur gaude emaitza hobeak izango dituela.

Kamran Arif: pausoka goraka doan atleta da, horrela, aurten hirugarren postua eskuratu zuen Gipuzkoako kross txapelketan, promesa mailan. Horri, 10km-tako Gipuzkoako txapelketan lortutako podiuma ere gehitu behar zaio. Berak dioen gisan: entrenamenduak ari dira fruitua ematen.

 

Joseba Bikendi: aurreneko urtea izan du Bikendik gurekin, eta ez du krossa lehiatzeko aukera alperrik galdu. Hasieran beldur pixka batekin hasi zen arren, gustura aritu da atleta Azpeitiarra lokatza artean. Korrikalari gogorra dela argi utzi du eta hurrengo urteetan jarraitzeko gogoarekin geratu da.

La imagen puede contener: 4 personas, personas de pie, pantalones cortos, niños, cielo, calzado, montaña, exterior y naturaleza


Joseba Ortega: badirudi inoiz ez dela nekatzen Ortega, izan ere, egutegiko ia lasterketa denetan hartu du partea. Beti bezain indartsu jarraitzen du urteak pasa arren, eta plazera da bere moduko atletak izatea taldean, zeren eta eredu bikaina da atleta gazteenentzat.

Mikel Garate: berak ere aurten egin du debuta krossean. Oianguko kross gogorrean hartu zuen parte, eta maila ona erakutsi zuen bertan.  Ea animatzen den hurrengo urtean ere lur gainean korrika egitera.

Jokin Sudupe: atleta kementsua dugu Sudupe, etsitzen ez duen horietako. Aurten ere hainbat kross lehiatu ditu eta ia beti lortu du sailkapenean erditik aurrera kokatzea. Aurreko denboralditik koska bat gora egin du eta hori emaitzetan igarri da. Garrantzitsua da taldearentzat gisa horretako atletak izatea.

La imagen puede contener: 1 persona, sonriendo, de pie, niños y exterior


Jokin Lete: lesioak tarteko ezin izan du denboraldia berak nahi bezala osatu. Beste urteetan baino lasterketa gutxiago egin ditu eta hori bere errendimenduan nabaritu da. Dena den, ez du etsi eta udaberriko lasterketei begira dago jadanik.

Pedro Muñoz: ez da bere denboraldirik onenetakoa izan. Denbora luzea egon da min hartuta eta ia inon parte hartu gabe amaitu du lur gaineko denboraldia. Alabaina, Euskadiko kross txapelketan parte hartu zuen eta ongi moldatu zen.

Aitor Sotil: urteak aurrera doazen neurrian hobetzen doan atleta da Sotil. Lokatzarik gehien dagoenean ateratzen du indar gehien, eta modu horretan Euskadiko Kross txapelketan emaitza ona lortu zuen. Asfaltoko lasterketekin tartekatu ditu lur gainekoak, bietan ere emaitza onak eskuratu ditu.

Gorka Malo: prestakuntza fintzeko erabiltzen ditu krossak Malok, bide horretan, Espainiako entzumen urrikoen txapelketan hartu zuen parte Madriden. Laugarren postu itzela lortu zuen bertan. Orain bere helburu nagusien atarian dago, ea dena nahi modura ateratzen zaion.

Bestalde, azpimarratu behar dugu taldeko gaztetxoenek burutu duten denboraldia. Azkeneko urteetan gorako joan da Xeyeko kideen kopurua infantil eta alebin mailetan, eta aurten ere gorako bide hori baieztatu da. Denera 40 gaztetxo izan dira lasterketaren batean, edo bestean, parte hartu dutenak. Azpimarratzekoa izan da maila horietan Ainara Tenak eman duen maila, Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da infantil mailan.

Azkenik, Jone Zabaleta Azkoitiarrak egin duen denboraldia aipatzekoa da. Egun, gure taldean ez dagoen arren, gurekin hasi eta hazi zen atleta gisara, eta oso harro gaude lortu duen mailarekin. Beste urte batez garaipen asko lortu ditu, besteak beste, Sabadelleko krossa irabazi zuen junior mailan.   

martes, 7 de marzo de 2017

Pista estaliko denboraldiaren laburpena



Amaitu zaigu aurtengo pista estaliko denboraldia. Oro har, emaitza onak lortu ditu taldeak aurtengoan. Besteak beste, azpimarratu bi atleta izan direla Espainiako txapelketetan eta dominak batzuk lortu ditugula Gipuzkoa zein Euskadiko txapelketetan. Parte hartzeari dagokionez, azken urteetako bolada onari jarraitu dio aurtengoak ere. Hauek dira taldekideek lortu dituzten emaitzak:







Kamran Arif: krosseko denboraldian kiku batzuk egin eta anoetako pistan egin zituen probak batzuk. 800 metro eta 1500 metrotan aritu zen. Bietan ere bere markak hobetu zituen 

Joseba Diaz: gutxitan ikus dezakegu pistan lasterka egiten Diaz. Mendiko denboraldian sartu aurretik 3000 metrotan parte hartu zuen. Emaitza oso ona lortu zuen, eta, erlojua, 8:54an geratu zuen 

Jon Perez: azken urteetan egin duen modura, maila oso ona eman du aurten ere Perezek. Mailaz igo da denboraldi honetan, horrela promesa mailan dago jada atleta gaztea. Maila berriaren zailtasunetara primeran egokitu da, eta aurten ere lortu du Espainiako txapelketarako markak egitea. Gaillurren, Madrid, hartu zuen parte. 1500 metrotan 4:00 eta 800 metrotan 1:58, horiek izan dira bere markak 

Amets Aranberri: aukera gutxi izan ditu lehiaketetan parte hartzeko. Min hartu aurretik, soilik, 1500 metroko proban atera zen. Espero dugu udaberrian berriro onena emateko moduan izango dugula 

Aitor Zubillaga: bigarren urtea du gurekin Aitorrek. Aurreko urtean emaitza onak lortu zituen, baina arazo asko izan zituen lesioekin. Aurtengoan, udaratik egindako lan onari esker, entrenamendu guztiak behar bezala egiteko aukera izan du, eta hori nabaritu da emaitzetan. 60 metrotan 7.08ko marka itzela lortu du eta 200 metrotan 22.84koa. Bi probetan Espainiako txapelketara joan ahal izateko marken azpitik ibili da. Gipuzkoa zein Euskadiko txapeldun izan da 60 metrotan; maila nagusian 4. postuan sailkatu da, eta Espainiako txapelketan 10. Postua lortu du. Hitz gutxitan esateko, lan bikaina egin du. 









 

Aintzel Bereziartua:lasterketa bakarra egin du Bereziartuak neguko denboraldian. Bertan, bere marka hobetzea lortu zuen eta gustura geratu ginen egindako lanarekin. Udaberria laster da eta ea aukera gehiago dituen probak egiteko. 

Larraitz Blanco: Blancorentzat aurreneko urtea izan da Euskadiko egutegia lehiatzen, pasa den urtean Estatu Batuetan ibili ondoren. Gainerako taldekideekin alderatuz berandu xamar hasi zen entrenamentuekin, hala ere, marka txukunak lortu eta Gipuzkoako 400 metroko proban 5. postua lortu zuen. 



Yania Tena: asko baldintzatu dute lesioek Tena. Denboraldia hasi zenean bizkarreko arazoak izan zituen, eta horrek neguko denboraldia asko mugatu diote. Sasoian jartzen ari zela pistan, lehiaketan bertan, min hartu eta denbora luzez geldi egon behar izan du. Min eta guzti ere, 4. postua eskuratu zuen Gipuzkoako 400 metrotako proban. Aire Libreko denboraldian aurreko urteko maila hobetzeko gogor ari da lanean. 



Ekain Uzkudun: bere helburuak zeharo aldatu ditu Uzkudunek. Jaurtiketak, une batez, alde batera utzi eta abiadurako probetan hasi da. Apurka-apurka joan da gustua hartzen korrika egiteari. Horren adibidea da 60 metrotan lortutako marka 7.80. Bestalde, 200 metrotan ere parte hartu zuen. 

Naroa Muñoz: itxaropentsu hasi zuen denboraldia, baina berehala txorkatileko bihurdura batek geratu zuen bere lana. Ez zuen etsi hala ere, eta urtea hasi orduko iritsi zaizkio emaitza onak. Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da; bere marka hobetu du 1´52 metroko jauzia egin du, eta, saiatu zen arren, Espainiako gutxieneko marka egitetik oso zentimetro gutxira geratu zen. 








Nagore Odriozola: gora beherak izan ditu Odriozolaren denboraldiak. Gogotsu hasi zen arren, kosta zitzaion nahi zituen emaitzetara hurbiltzea. Azkenean bere marka hobetu zuen 60 metrotan, erlojua 8.37an geratu zuen. Lan onaren fruituak jasoko ditu laster hasiko den aire libreko denboraldian. 

Nerea Rezabal: berarentzat aurreneko denboraldia izan da pista estalia lehiatzen, bi probetan aritu da, zehazki, 300 eta 600ean. Garbi ikusi da Rezabalek 300eko proba duela kuttunena eta marka politak lortu ditu pista estaliko aurreneko denboraldian, orain, Aire Librean 300eko proban zentraturik ari da gogor entrenatzen aurreko urteko markak hobetzeko asmoarekin