lunes, 26 de enero de 2015

Elgoibarko nazioarteko krossa

Orduak pasa dira baina oraindik ez zaigu igandean Elgoibarren bizitakoa ahazten. Ez zen edozein igande, ez zen edozein barruti, ez zen edozein herri… ez, Elgoibarko krossa zen! Munduko krossik onenetarikoa dela esaten dute. Hemendik kanpokoak ez dakigu nolakoak diren, baina Mintxetako zelaietako kross hau bakarra da, berezia. Azken finean onena.

Guztiak egiten du kross hau apartekoa izatea. Antolakuntza paregabea, benetako kross batek behar duen barruti ederra eta bereziki zalego aparta.

Eta nola ez, Xeyeko kideek ez genuen hutsik egin. Taldearen handitasuna nabari geratu zen beste behin. Datu garrantzitsu bat: askoz taldekide gehiago zeuden animatzen korrika egiten baino. Nabarmentzekoa aldapatxoan zeuden “xeye hooliganak”, beraien eztarriak bertan uzten, txintxarri eta guzti. A ze animoak mundu guztiari!!


Eta horrela hasi ziren lasterketak. Lehenengo haurtxoak, pixkanaka pixkanaka bat bestearen atzetik, eta berehala heldu ze gure korrikalarien ordua. Lehenengo txanda jubenil neskena izan zen. Oraingo honetan korrikalari bakarra genuen. Gure izarretako bat, a ze neska. Den dena ondo egiten duen horietakoa, saiatu horietakoa. Ikaragarrizko lasterketa egin ostean eta irabazteko aukerekin egon ondoren atzeneko metroak arte, bigarren postu zoragarri batekin konformatu zen Jone Zabaleta!! Meritua horrelako lasterketa batean podiuma zapaltzea.

Urrengo taldekideak junior mutilak izan ziren. Mamo Wolde sari ospetxua. Italiarrak, belgikarrak, espainia guztikoak, maila handia. Jon Perez, Ikram Asghar eta Aitor Madrazo ziren gureak. Jon Perezek aurre aurrean irtetea erabaki zuen eta lasterketa bikaina egitea lortu zuen. Lehen euskalduna izan zen helmugan gainera. Ikramek ere bere indarrak ondo neurtu eta maila onean amaitu zuen. Aitor Madrazok azken egunetako arazoak tarteko, bere mailatik behera ibili zen, baina ez dudarik egin Euskadiko txapelketarako puntu puntuan izango dela.
Goiza ikaragarri ondo zihoan eta gure senior mutilen ordua iritsi zen. Partaideak: Pedro Muñoz, Aitor Sotil, Andoni Sudupe eta Asier Aizpuru. Lehenengoaren helburua disfrutatzea zen, arazo fisikoz josita bai dabil aspaldian. Beste guztien helburua garbia zen, AMAITZEA. Itzulirik ez kentzea zen nahi zutena eta sailkapen baliotsu horretan azaltzea.

Pedro izan zen beste behin lehen taldekidea. Aitorrek eta Andonik zeharka atzera begiratzen zuten eta ikaragarrizko poza artu zuten azken itzulian pistara sartu eta afrikarrik ikusi ez zutenean. Zorionak bikote!! Asierrek ez zuen zorte bera izan, 300m faltan pasa bai zuten. Baina jakinda bere lehen parte hartzea zela Elgoibarren kategori nagusian, ez dudarik egin sailkapen horretan ikusiko dugula urte askotan.


Horrelaxe joan zen goiza, batzuk korrika, besteak animatzen eta bakarren bat argazkiak ateratzen (ikusgarriak Egoitz Arrutik ateratako argazkiak, ez galdu aukera eta ikusi bere ehundaka argazki). Guztion artean talde bikaina osatzen dugula berretsiz. ZORIONAK GUZTI GUZTIOI ETA AUPA XEYE!



No hay comentarios: